"Masquarade"
kontzertua
Euskal Herriko Orkestra Barrokoaren (EHOB) aurkezpen-proiektuak, Enrike Solinís zuzendari musikalaren gidaritzapean, Europako barroko garaiko musika osoan nagusitu zen forma musikal bat du ardatz nagusi: maskarada. Garai hartako humanista, poeta eta artista nabarmenenek, beren sormen-gaitasunaren intentsitate osoarekin, maskaraden sorkuntzan jardun zuten.
Maskarada edo masqué aisialdi festibo gortesauaren forma bat zen, XVI. mendean eta XVII.aren hasieran Ingalaterran eta Frantzian loratu zena, nahiz eta lehenago Italian garatu zen, Ameriketatik ekarritako maskara koloretsuen eta lumaz apaindutakoen errepliken erabileraren bidez. Maskarada batek musika, dantza eta kantua barne hartzen zituen.
Bestalde, landa-maskaradak —horien artean Euskal Herri kontinentaleko Zuberoako maskarada gaur egun gozatu ditzakegun aztarna musikal garrantzitsuenetako bat izanik— gaur egun ere Frantziako barrokoaren musika eta dantza benetakoenak gordetzen ditu.
EHOBk dantza-talde batekin eta abeslari batekin batera proposatzen duen kontzertuan, egitura nagusi gisa J. B. Lully konpositorearen Le carnaval mascarade, LWV 52 lana hartzen da. Lau atal ezberdinen bidez, Europako barrokoan maskaraden inguruan sortutako musiken barrena egiten den bidaia aurkezten da.
Alde batetik, Ingalaterra, Henry Purcell edo John Adson bezalako egileen Masque originaletako musika-piezekin; bestetik, Italiako barrokoa, Veneziako inauterien garaian estreinatutako Vivaldiren ariekin; eta azkenik, Frantziako dantzak, aipatutako Lully, Marais edo Philidor konpositoreen eskutik. Horiek guztiek, maskarada tradizionaletako zenbait osagairekin batera, estreinaldi hau benetako inaugurazio-jai barroko bihurtzen dute.