ZER DA EHOB?
Gaur egungo ikuspegitik berrinterpretatutako musika barrokoa
Euskal Herriko Orkestra Barrokoa garai barrokoan sortutako musika berreskuratu eta gaur egungo publikoari eskaintzen dion formazio profesionala da. XVI. mendearen amaieratik XVIII. mendearen hasierara arteko errepertorioa historikoki fidela den moduan interpretatzen dugu, garaiko instrumentuekin, teknika espezifikoekin eta ikuspegi historizistarekin.
Bach, Händel, Vivaldi, Purcell edo Rameauren obra handiak entzuten dira gure kontzertuetan, baina garaiko sonoritate bereizgarriarekin, instrumentu eta formazio klasikoek eskaini ezin dutena.
Zergatik orkestra barroko bat Euskal Herrian?
Azken hamarkadetan, Europan gorakada handia izan da musika barrokoan espezializatutako jaialdi eta orkestren artean. Orkestra sinfoniko modernoak errepertorio modernoago bat interpretatzeko diseinatuak daude orohar, eta orkestra barroko batek musika hori konposatu zen garaian erabiltzen ziren instrumentuak eta interpretatzeko irizpideak erabiltzen ditu, bestelako ñabardura eta aberarastasun tinbrikoa eskainiz besteak beste.
Gure musika programazio eta areto handietan maiz entzun daitezke ezaugarri horiek dituzten taldeak, baina atzerritarrak izan ohi dira. Euskal Herrian badago musikari profesional ugari estilo honetan espezializatu dena —Catalunyan, Madrilen, Herbehereetan, Frantzian, Belgikan edo Alemanian trebatuak esaterako— baina ez dago orkestra barroko egonkorrik hemen aritzeko. Horrek talentua kanpora joatea dakar, eta kanpoko orkestrak ekarri beharra lan honetarako. Gainera, ez dugu ahaztu behar musika barrokoak eta korronte historizistan publiko zabala erakartzen duela Euskal Herriko aretoetara.
EHOBk hutsune hori betetzeko xedea du, urtean zenbait proiektu burutuko dituen orkestra eta proiektu egonkorra izatekoa, kalitatezkoa eta prestaketa lan sendoa burutuko duena, musikari gazteentzako ere formakuntza eta aukera profesionala suposatuko duena, eta ahal den heinean euskal ondarea ere landu eta zabaltzeko ahalegina egingo duena (Zuberoako Maskaradako musika herrikoia eta dantza barrokoarekin uztartuz adibidez bere lehenengo proiektuan).
Zein da EHOb-aren berezitasuna?
Instrumentu historikoak:
Biolin barrokoak, tripazko sokak, garai hartako arkuak, lautea, viola da gamba, traversoa, fagot historikoa, oboe barrokoa, tronpa naturala, klabezina, organoa etabar erabiltzea
Teknika eta estetika berezia:
Musika ez da soilik “antzinakoa”: interpretazio historizistak soinu gardena, ñabardura handiak eta espresibitate berezia eskaintzen ditu. Horrek publiko gazteago eta zabalagoa erakartzen du Europan, eta gure lurraldean ere antzera gertatzen da.
Akademia – Prestakuntza eta belaunaldi berriak
EHBOren oinarrietako bat “Akademia” proiektua da. Jordi Savallen eta Europako beste hainbat orkestren esperientzia eta ereduan oinarrituta, Akademiak aukera ematen die:
Euskal Herriko eta inguruko musikari gazteei errepertorio barrokoa lantzeko goi-mailako musikariekin batera, etorkizuneko musikariak prestatzea
Ezagutza historizistan hasten ari diren musikariei formakuntza eta esperientzia jasotzeko
kultura eta ekarpen soziala
Gure konpromezuak
• Sortzen ari den talentua: Musikari gazteei ibilbide profesionala garatzen laguntzea eta lan aukerak ematea.
• Arte eta kulturari sarbidea: Antzinako musika publiko zabal eta heterogeneoari irekitzea.
• Genero-oreka: parekotasunean ahalegin berezia egitea.
• Bertako talentua babestea eta bertako musika programazioan bertako orkestra barroko bati lekua egitea, kalitate gorenarekin musika eginez eta eskainiz.
NOLA LAGUNDU?
Aportazio ekonomiko bidez, kontzertuak edo entsegu irikiak zure udalean antolatuz, espazioak ahalbidetuz edo beste edozein eratara lagundu nahi baduzu, jarri gurekin harremanetan.